Egunero lez, burdinbideak ateratzen duen hotsak iraganaren oroitzapenak gogora ekartzea eragotzi dit. Trenaren leihotik so, ibaiaren uretan begirada murgiltzen saiatu arren, arreak datoz eta ez dut ihes egiteko biderik aurkitu. Zerua dut helduleku bakarra, baina behe-lainoak lausotu du nire ahalegina. Azkenik heldu naiz, trena gelditu eta helmugara heldu naiz. Nire egunerokoan txertatu den errealitateari aurre egiteko tenorea heldu da, nire bizitzaren maldan nekez gainditzea lortzen dudan unea iritsi da.
Egoitzaren ate nagusia zeharkatzean,
ohiko tramiteak bete eta igogailuan abiatu naiz. Laugarren solairura heldu aurretik, ispiluan islatuta ikusi dut nire ahulezia. Aurpegia hits, indarge, atea zabal ez dadin esperoan, errealitate gordinari aurre egiteko izu (edo koldar?). Argi horiak goxotasuna eransten dio pasillo laburrari, paretetako apaindurek edertu egiten dute tristeziaren korridorea. Heldu naiz, eta, atearen beste aldean ikusi dut, gurpil-aulkiari itsatsita, bizitzaren patuari amore emanda. Aita.Gerturatu
naiz. Nire eskua bere masailean jarri eta gero, apenas zimurrik ez duen bere
azal leuna laztandu dut eztiki, emeki. Behin eta berriro. Lo dago, bizitzak
nekatu du eta lo darrai. Aldameneko jarlekuan eseri eta so geratu natzaio. Bere
ametsetatik esnatzean, belarri ondora gerturatu eta nire izena xuxurlatu diot.
Ezpain dardartien artean irribarre txiki eta galkorra marraztu du,
ongietorriaren seinale.
Gurpil-aulkia bultzatuz logelan sartu gara, gau amaigabeen espazio
mugatua, amets iheskorren dantzalekua. Egun goibel eta hotzari aurre egiteko
beharrezkoak diren arropaz babestu eta kaleratu gara, babeslekutik ihesean edo.
Espaloien autobidean urrutiratu eta ibaiaren ertzera gerturatu gara, uraren
goitibeheraren arrastora. Eskutik heldu eta isilune luzean elkartu gara. Begi
orlegi eta argitsuek bere begirada edertzen dute, baina distira berezia eduki
arren, nekatu dira eta atsedena hartzea erabaki dute. Bizi oso baten lekukoak pausatu
egin dira, betirako. Balentziaga ontzioletako hotsak urruti geratzen zaizkio,
ozenak izan arren airean urrutiratzen dira, hegan. Nire hitzek lekua bilatzen
dute bere ezinean, hitz motelez aurrez-aurre duena irudikatzen saiatu naiz, eta,
buruarekin egindako keinu xume batek adierazi dit ohartu dela, ahalegina balekoa
dela alegia.
Metalezko
“gurditxo”tik tiraka, aitzina egin dugu kaiaren muturrean dagoen itsasargiaren silueta
bilatuz. Heldu gara, eta, zerumugari so, ilunabarrak harrapatu gaitu bere
sarean. Aitaren ilunabarra ezin itsasargiaren distirak esnatu, aitaren
ilunabarra ezin egunsentiak goxatu. Nire eskuen laztanak, nire hitzen
ur-jauziak erakutsi nahi diote paisaia, margotu nahi diote kolorezko irudia eta,
halako batean, burua zerurantz jaso du hori guztia bilatuz, imajinatuz, gertu
duela dastatu nahian edo. Ziur naiz, bere bizitzaren argazki-albumean bilatu
dituela une hauek, bere bizitza luzearen paragrafoetan irakurri dituen
lerroetan murgildu dela adierazitakoa berridatzi nahian. Poz txikiak,
bizitzaren apurretan, poz txikiak bizi oso baten gailurrera heltzear.
Itzulerako
bidean abiatu gara, aterpearen bila. Itsasoaren maindire urdin eta barea atzean
utzita, herriaren bihotzean murgildu gara. Ibaiaren ertzean hiru gazte
arrantzan, urak zeharkatzen dituzten bi trainerilla ahalegin betean, eskolatik
atera diren umeen abarrotsak, soka luzez loturiko txakurren zaunka kexatiak, lagun
eta familiak tabernetako mahaietan solasean… egunerokoan ohikoak diren irudiak, irudien
egunerokoan murgiltzeko aukerak. Bizitzaren hots ozenak han eta hemen,
itxaropenaren murmurio galkorrak. Horiek guztiak gibelean laga eta espaloien
autobidean abiatu gara berriro, gauaren aterpea bilatuz, bizitzan irauteko
atsedenlekuaren peskizan.
Egoitzara
gerturatzeak etsipenaren uhartera bidaiatzea bezalako sentsazioa sortu dit,
bizitzaren bidaia-agentziak iragarritako txangoa alegia. Ate nagusia zeharkatu
eta igogailuak lagundu digu ezina gainditzen, eta logelarako pasilloa dagoen
solairuan lekua hartzen. Logelan arropak erantzi eta jangelara, afal orduaren
mahai bueltan. Agur esateko ordua, bihar arte. Unerik gogorrena heldu da,
bihotza iraultzen den unea, malkoei eusteko ahalegin nekeza. Maite dut, eta
halaxe esan diot bere aurpegia ferekatzen dudan bitartean. Begiak umel, bihotza
umezurtz. Itzuliko naiz, bai, halaxe agindu diot, baina gaua bere bakarrean
igaroko du, ametsen konpasean.
Bizkarra
eman eta banoa. Urrats txiki eta astunek nire ibilera moteldu dute, nire buruaz
errukitzen saiatu naiz, baina ez dut nire erraiak sosegatzea lortu. Geltokirako
bidea luzea gertatu zait, hankak astun noraezean ihesean noala iruditu zait,
baina ez dut atzera begiratzeko kemenik, ez dut errealitate gordinari aurre
egiteko adorerik. Geltokiko bozgorailutik trenaren etorrera iragarri dute,
etxerako itzulera heldu da.
Leihoaren
ondoko jarlekuan eseri naiz, ahituta, indarge, ahul. Bat batean sentimenduen
akelarrea piztu zait, eta ez dakit nola egin dantza. Trenaren triki-trakak amets
gaiztotik iratzarri eta hondamenditik atera nau. Xabier Lizardi poetaren bultzi-leiotik
begira jarri naiz ibaiaren urak marrazten duen lerroa bilatuz, baina ezer ez,
iluna da nagusi. Ortzian izarrak irakurtzen saiatu naiz, baina bat ere ez,
beltza da nagusi. Beltza eta iluna, iluna eta beltza, ezdeusaren errepublika. Aurrera
egin ahala, trenak zeharkatzen dituen tarteko geltokietako argiek itxaropen
iheskorraren kale hestu eta laburra erakutsi didate. Ihesaldi iragankorra.
Distantziak
luzatu du etena, denborak eten du erlojua. Eskuak patrikan barneratu, makur,
lurzoru grisean urratsak marraztuz iritsi naiz etxera, heldu naiz helmugara.
Edo akaso ez? Egunsentiaren esperoan, loaren hatzaparrek harrapatu naute eta,
errenditu naiz. Bihar beste egun bat izango da, beste bidaia bat, beste
besarkada bat, sentimenduen beste eztanda bat. Itxaropenak ez du huts egiten,
geratzen zaidan helduleku bakarra baita.
…
Egunero
lez, burdinbideak ateratzen duen hotsak iraganaren oroitzapenak gogora ekartzea
eragotzi dit. Trenaren leihotik so…baina denborak ez du noiz!
Mikel Arrizabalaga Aizpurua
Met