Istant batean, nire gibelean, burdinazko atea itxi dute. Morroilo herdoilduak ateratzen duen hots ozenak bakardadearen espazio mugatuan hetsi nau. Ezti kolorea jaulkitzen duen argi ttipiak gelako iluntasun grisa apurtzen saiatu arren, ez dut lortu eszenatokia bere osotasunean irudikatzea. Gorputzeko dardara baretzen doan heinean, nekearen lehen zantzuek nire ahuleziaren lekuko bihurtu dira. Kamaina hotz baten ertza aurkitu eta, bertan, egun osoan pairatutako sufrikarioaren pausaleku egitea deliberatu dut. Abail eginda nago.
Denbora emeki igarotzen da, pentsamenduak, aldiz, agudo. Denborak ez du geltokirik, kezkak, berriz, etxera narama, etxekoen nasara. Ezin haien sentipenak marraztu, ezin haien egonezina baretu, ezin nire argazkia haien begietan txertatu. Ezintasuna gailendu zait, eta, noraezean murgildu.
Hotz da hormen barrena, are hotzagoa argia amatatzean. Ilunpearen anabasa mugagabean burusi marradun baten azpian bilatu dut dardarizoa baretzea. Epelaren laztana ferekatu nahian, nire baitan uzkurtu naiz, baina gutxi iraun du ahaleginak, artegatasunak irentsi eta, berriz, noragabearen itsasoan abiatu naiz.
Mikel Arrizabalaga Aizpurua
