Egunero lez, burdinbideak ateratzen duen hotsak iraganaren oroitzapenak gogora ekartzea eragotzi dit. Trenaren leihotik so, ibaiaren uretan begirada murgiltzen saiatu arren, arreak datoz eta ez dut ihes egiteko biderik aurkitu. Zerua dut helduleku bakarra, baina behe-lainoak lausotu du nire ahalegina. Azkenik heldu naiz, trena gelditu eta helmugara heldu naiz. Nire egunerokoan txertatu den errealitateari aurre egiteko tenorea heldu da, nire bizitzaren maldan nekez gainditzea lortzen dudan unea iritsi da.
Egoitzaren ate nagusia zeharkatzean, ohiko tramiteak bete eta igogailuan
abiatu naiz. Laugarren solairura heldu aurretik, ispiluan islatuta ikusi dut
nire ahulezia. Aurpegia hits, indarge, atea zabal ez dadin esperoan,
errealitate gordinari aurre egiteko izu (edo koldar?). Argi horiak goxotasuna
eransten dio pasillo laburrari, paretetako apaindurek edertu egiten dute
tristeziaren korridorea. Heldu naiz, eta, atearen beste aldean ikusi dut,
gurpil-aulkiari itsatsita, bizitzaren patuari amore emanda. Aita.
Gerturatu naiz. Nire eskua bere masailean jarri eta gero, apenas zimurrik
ez duen bere azal leuna laztandu dut eztiki, emeki. Behin eta berriro. Lo dago,
bizitzak nekatu du eta lo darrai. Aldameneko jarlekuan eseri eta so geratu
natzaio. Bere ametsetatik esnatzean, belarri ondora gerturatu eta nire izena
xuxurlatu diot. Ezpain dardartien artean irribarre txiki eta galkorra marraztu
du, ongietorriaren seinale.
Gurpil-aulkia bultzatuz logelan sartu gara, gau amaigabeen espazio mugatua,
amets iheskorren dantzalekua. Egun goibel eta hotzari aurre egiteko
beharrezkoak diren arropaz babestu eta kaleratu gara, babeslekutik ihesean edo.
Espaloien autobidean urrutiratu eta ibaiaren ertzera gerturatu gara, uraren
goitibeheraren arrastora. Eskutik heldu eta isilune luzean elkartu gara.
Begi orlegi eta argitsuek bere begirada edertzen dute, baina distira
berezia eduki arren, nekatu dira eta atsedena hartzea erabaki dute. Bizi oso
baten lekukoak pausatu egin dira, betirako. Balentziaga ontzioletako hotsak
urruti geratzen zaizkio, ozenak izan arren airean urrutiratzen dira, hegan.
Nire hitzek lekua bilatzen dute bere ezinean, hitz motelez aurrez-aurre duena
irudikatzen saiatu naiz, eta, buruarekin egindako keinu xume batek adierazi dit
ohartu dela, ahalegina balekoa dela alegia.
Metalezko “gurditxo”tik tiraka, aitzina egin dugu kaiaren muturrean dagoen
itsasargiaren silueta bilatuz. Heldu gara, eta, zerumugari so, ilunabarrak
harrapatu gaitu bere sarean. Aitaren ilunabarra ezin itsasargiaren distirak
esnatu, aitaren ilunabarra ezin egunsentiak goxatu. Nire eskuen laztanak, nire
hitzen ur-jauziak erakutsi nahi diote paisaia, margotu nahi diote kolorezko
irudia eta, halako batean, burua zerurantz jaso du hori guztia bilatuz,
imajinatuz, gertu duela dastatu nahian edo. Ziur naiz, bere bizitzaren
argazki-albumean bilatu dituela une hauek, bere bizitza luzearen paragrafoetan
irakurri dituen lerroetan murgildu dela adierazitakoa berridatzi nahian. Poz
txikiak, bizitzaren apurretan, poz txikiak bizi oso baten gailurrera heltzear.
Itzulerako bidean abiatu gara, aterpearen bila. Itsasoaren maindire urdin
eta barea atzean utzita, herriaren bihotzean murgildu gara. Ibaiaren ertzean
hiru gazte arrantzan, urak zeharkatzen dituzten bi trainerilla ahalegin betean,
eskolatik atera diren umeen abarrotsak, soka luzez loturiko txakurren zaunka
kexatiak, lagun eta familiak tabernetako mahaietan solasean… egunerokoan
ohikoak diren irudiak, irudien egunerokoan murgiltzeko aukerak. Bizitzaren hots
ozenak han eta hemen, itxaropenaren murmurio galkorrak. Horiek guztiak gibelean
laga eta espaloien autobidean abiatu gara berriro, gauaren aterpea bilatuz,
bizitzan irauteko atsedenlekuaren peskizan.
Egoitzara gerturatzeak etsipenaren uhartera bidaiatzea bezalako sentsazioa
sortu dit, bizitzaren bidaia-agentziak iragarritako txangoa alegia. Ate nagusia
zeharkatu eta igogailuak lagundu digu ezina gainditzen, eta logelarako pasilloa
dagoen solairuan lekua hartzen. Logelan arropak erantzi eta jangelara, afal
orduaren mahai bueltan. Agur esateko ordua, bihar arte. Unerik gogorrena heldu
da, bihotza iraultzen den unea, malkoei eusteko ahalegin nekeza. Maite dut, eta
halaxe esan diot bere aurpegia ferekatzen dudan bitartean. Begiak umel, bihotza
umezurtz. Itzuliko naiz, bai, halaxe agindu diot, baina gaua bere bakarrean
igaroko du, ametsen konpasean.
Bizkarra eman eta banoa. Urrats txiki eta astunek nire ibilera moteldu
dute, nire buruaz errukitzen saiatu naiz, baina ez dut nire erraiak sosegatzea
lortu. Geltokirako bidea luzea gertatu zait, hankak astun noraezean ihesean
noala iruditu zait, baina ez dut atzera begiratzeko kemenik, ez dut errealitate
gordinari aurre egiteko adorerik. Geltokiko bozgorailutik trenaren etorrera
iragarri dute, etxerako itzulera heldu da.
Leihoaren ondoko jarlekuan eseri naiz, ahituta, indarge, ahul. Bat batean
sentimenduen akelarrea piztu zait, eta ez dakit nola egin dantza. Trenaren
triki-trakak amets gaiztotik
iratzarri eta hondamenditik atera nau. Xabier Lizardi poetaren
bultzi-leiotik begira jarri naiz ibaiaren urak marrazten duen lerroa bilatuz,
baina ezer ez, iluna da nagusi. Ortzian izarrak irakurtzen saiatu naiz, baina
bat ere ez, beltza da nagusi. Beltza eta iluna, iluna eta beltza, ezdeusaren
errepublika. Aurrera egin ahala, trenak zeharkatzen dituen tarteko geltokietako
argiek itxaropen iheskorraren kale hestu eta laburra erakutsi didate. Ihesaldi
iragankorra.
Distantziak luzatu du etena, denborak eten du erlojua. Eskuak patrikan
barneratu, makur, lurzoru grisean urratsak marraztuz iritsi naiz etxera, heldu
naiz helmugara. Edo akaso ez? Egunsentiaren esperoan, loaren hatzaparrek
harrapatu naute eta, errenditu naiz. Bihar beste egun bat izango da, beste
bidaia bat, beste besarkada bat, sentimenduen beste eztanda bat. Itxaropenak ez
du huts egiten, geratzen zaidan helduleku bakarra baita.
…
Egunero lez, burdinbideak ateratzen duen hotsak iraganaren oroitzapenak
gogora ekartzea eragotzi dit. Trenaren leihotik so… baina denborak ez du
noiz!