2012: AZKEN BIDAIA (Pilar Perea)

                                                                                                    

Egunak gero eta motzagoak ziren eta estreinatu berriaren udazken goizaldean dagoeneko hotza sentitzen zen. Urtero bezala, nahiz eta oso ezaguna izan, bidaia poz pozik antolatzen zuten. Ibilaldi handien bezperetan gertatzen zen bezalaxe, ohiko iskanbilak betetzen zuen giroa.

Aurreko ibilbidearen bukaeran, berriro ez zela itzuliko pentsatu zuen. Hain nekaturik sentitu zen ibilbidean zehar! Hala ere, besteek bultzatuta, aurten ere bidaiari ekingo ziola erabaki zuen; baina berarentzat bidaia azkena izango zela, berak baino inork gehiago ez bazekien ere. Herriko plazan kokatutako eliza zaharraren inguruan elkartu behar ziren guztiak eta bera oso garaiz iritsi zen. Dorre erlojuak goizeko seiak jo bezain pronto, hegazti-saldo osoa abian jarri zen.

Bidea oso gogorra egiten ari zitzaion. Egunak aurrera joan ahala, gero eta nekatuago sentitzen zen. Ezin izango zuen jarraitu! Batzuetan, ezin zuela harnasa hartu iruditzen zitzaion; bidelagunen bizkortasuna, bere mugimendu astunekin alderaturik, inbidiaz ikusten zuen. Amestutako jomugara ez zen iritsiko!

Hala ere, irudimena aukeratutako mugara hegan egiten utziz, neke guztiak txintik ere esan gabe pairatu zituen. Itsas magalean lo egiten zuen hiriaren edertasuna gogoratu zuen. Bidelagunek eragindako danbadak bere ametsetik atera zuen. Berehala, isiltasunak zurrumurruak irentsi zituen, berarengan pake sentsazio atsegin bat sortaraziz.

Bat batean, dena ezberdina zen berarentzat. Duela gutxi, zerua tristuraz beteta ikusten zuen, orain ordea, bere aurrean argi eta kolorez gainezka agertzen zen. Geldituta eta begiak itxita, eguzkiaren fereka epela jaso zuen. Pozez beterik, bere bihotzaren taupada bizkorrak eta kontrolatu gabeko dardara sentitu zituen. Gero, azken egunetan maiz gertatzen zitzaion bezala, milaka musika notak entzun zituen eta lehen berarentzat ezezaguna zen gozamena bere gorputza osoan barneratu zen.

Une gozo horiek pasa ondoren, mila aldiz pentsatutako ideia nola gauzatu aurreikusteari ekin zion. Izan ere, aurreko urteetan ezagutu zuen hirian bidaia bukatuko zen berarentzat. Ia mundu osoa bisitatu ondoren, ez zuen toki hura baino politagoa ezagutu. Inoiz ez zuen ikusi han zegoen kolore-sorta handia, milaka urdin, berde... antzeman zituen... Hartutako erabakiak jarraitzeko indar berria eman zion.

Egunak joan egunak etorri, han urrutian, zeruertzean, zeru eta itsasoaren mugagabetasunean, amestutako hiria ikusi zuen. Enara, orain bai ausarta! ezer esan gabe hegazti-soldatik urrundu zen. Helmugara iritsia zela pentsatu zuen. Bere begi aurrean, mendi eta itasoaren artean, labirinto geometrikoan margoturik, plazak, kaleak eta hiribideak, antzeko ezaugarriak zituzten eraikinez inguraturik, agertzen ziren. Horien artean gutxi batzuk bakarrik azaleratzen ziren, inguruko armonia beraien altuerarekin puskatzen saiatuz, baina ez zuten lortzen.

2

Ilunabarrean, itsaso alboan eta hondar gainean, argi eta beirazko bi kubok nolabaiteko haustura, eta aldi berean, denboraz kanpoko xarmadura sorrarazten zituzten. Hiria tradizio handiko eta modernitatearen nahasketa batez egina zegoela zirudien.

Hiri zoragarri horren hiru hondartzen gainetik hegan egin zuen. Enara hondar mehe eta horailetan pausatu zen pake eta pozez beterik. Gero itsasertzera hurbildu zen, ura, gatza eta uhinen aparra bere hanketan sentituz.

Minutu batzuk pasa ondoren burua altxatu zuen, bere aurrean irlatxo bat ikusten. Kontxako badiaren erdian irlatxoa, zelatari zintzo baten gisa, urgaineratzen zen. Eskuinean, tontorrean dorre txiki bat eta magalean tarteka feriazko atrakzio zahar batzuk zeuzkan menditxo bat ikusi zuen. Ezkerretan, mendixka arrokatsuaren gainean Bihotz Santuaren estatua handiak arrantza-portu txikia babestu nahi zuela zirudien.

Kaiaren alboan, kale estuek hiriko alde zaharra margotzen zuten. Horietako kale batzuk, lorategien artean altxatzen zen eraikin harro eta dotore batera irteten ziren. Eraikinaren aurrealdean grabatutako errotuluan "Udaletxea" irakur zitekeen.

Inguratzen zitzaion edertasunarekin liluraturik, enarak begiak itxi zituen eta, hasperenka, bere barruan sartu zen. Berak aukeratutako tokia egokia zen oso. Bukatzeko toki ezin hobea. Beraz, ezin zuen gehiagorik eskatu. Bakeak eta lasaitasunak bere bihotza bete zuten. Bere inguruko guztia berriro begiratu ondoren, enarak azken aldiz hegan egin zuen katedral zaharraren dorrean pausatu arte. Gero zerura begiratu zuen.

Han urrutian enara-saldo bat hegaldatu egin zen...

Atzo bertan, bi gogok batera pentsatu ninduten.

Nire sortze eztia mila desioz betetzen,

Antzinako hutsunea pentsamendu sotil bihurtu zuten.

Gaur goizaldean hasi naiz nire ibilaldia.

Hain ibilbide luzea ematen zuen!

Norakoa, hain urrun antzematen nuen…!

Ilunabarrean bertan agortu da nire denbora osoa,

Tximista bezain azkar, nire trena mugara iritsi da,

Inguruko paisaiaz gozatu ezinik.

Eta gaur bertan jadanik bukatu da nire bidaia.


PILAR PEREA