2019: AHO KORAPILOA (María Sánchez)

Enedina lanak itoa egon zen goiz goizetik. Enpresak informatikako teknikariak behar zituen eta berari zegokion hautaketa. Agendan begiratu zuen. Beste elkarrizketa bat gelditzen zitzaion. Azkena! Txostena errepasatu zuen eta hautagaiaren bila atera zen.

Bere adineko gizona zen. Dotorea, hezibide onekoa. Sartzera gonbidatu zuen eta bere burua aurkezten hasi zen.

— Enedina Gil, enpresaren Giza Baliabideen arduraduna eta …

Momentu horretan, gizonak kopetako ilea altxatu zuen orban bitxi bat agerian utzita.

Hori ikustean, Enedinak ezin izan zuen jarraitu.

Orban horrek, distiraldi batean, bere haurtzarora bueltan eraman zuen.

Berehala, “abesti hura” bere buru barruan jotzen hasi zen:

Queba, quebi con el etaeru.

Quelau, quebos con el etasei.

Zortea berea! Bulegotik atera behar izan zuen dei bat erantzutera eta horrela, elkarrizketarekin jarraitu baino lehen, baretzeko minutu batzuk izan zituen.

Denbora gutxitan bere bizitzako ia ahaztuta zeukan garai hura bere aurretik pasa zen oso azkar baina, aldi berean, zehatz-mehatz ikusita…

Euskal Herriko ezagutu zuen lehen herrian zegoen. Bere familiak, garai hartan askok egiten zuten bezala, “iparraldera” joatea erabaki zuen. Jaioterriko egoera zaila zen. Lan gutxi zegoen eta aitaren soldatak ez zuen jateko nahikoa ematen.

Gurasoek, beraien betiko bizitza atzera utzita, seme-alabentzako etorkizun hobea aurkitu nahi zuten. Hautatzeko aukera eman nahi zieten.

Orduan Enedinak ez zituen ezagutzen itzulbiderik gabeko bidai haien ondorioak.

Beraientzat, lurralde ezezagun batera ailegatu berriak.

Sorterrikoentzat, hainbeste jenderen etorrerarekin harrituak.

Une hartan ez zekien beste lurralde batean zegoenik, kultura ezberdinarekin.

Urteak igaro beharko lituzkete ulertzen hasteko.

Bere egunerokoak lehen bezala jarraitzen zuen, bere jaioterrian bezala, inguruko neska-mutilekin kalean jolasten.

Eraikitzen ari zen auzo horretan jolasten.

Asfaltatu gabeko kaleetan jolasten.

Putzu artean jolasten.

Baina arratsalde batean sumatzen hasi zen …

Sokan ari ziren, hain gustukoa zuen abesti arraro harekin.

Aho korapiloa iruditzen zitzaion.

Queba, quebi con el etaeru.

Quelau, quebos con el etasei.

Arratsalde hartan beste talde bat gerturatu zitzaien. Trenbidearen beste aldekoak ziren.

Berak debekatuta zeukan trenbideak pasatzea. Amak egunero gauza bera esaten zion:

— Mamá, ¿puedo ir ya a jugar?

— Vale, pero ¡sin pasar las vías!

Elkarrekin hasi ziren jolasten baina, ohi bezala, borrokan bukatu zuten.

Enedina mutil batekin haserretu zen:

— ¡Ya está bien! ¡Déjame en paz, muchacho!

Mutila, oihukatuz, parrez hasi zen:

— ¿Habéis oído? Me ha llamado muchacho…

— ¡Eres una maketa! ¡Tú, maketa!

Arratsalde hartan, bai, pentsatzen hasi zen.

Etxera iristerakoan, Enedinak gertatutakoa kontatu zuen:

— Mamá, hoy me han llamado maqueta. Pero insultándome. ¿Por qué? Una maqueta es un edificio pequeño ¿no?

— Bueno, bueno, ¡déjate de bobadas! Anda, acaba la comida que va venir tu padre y no he acabado de prepararle el buzo…

Etxera iristerakoan, mutilak gertatutakoa kontatu zuen:

— Ama, gaur neska maketa bat ikusi dot.

— Barriro kontu bardinegaz? Izena eukiko dau danon moduen.

— Ba, aitagaz berba eitxen dozunien zuek be, kanpotik datozenak maketuek diela esaten dozue.

— Jan ta egon ixilik! Aita hasarratu eingo da ez padozu bazkarixe akabetan …

Erantzunak beste nonbaiten bilatu behar …

Herri hartan bizi izan zen bitartean, sarritan ikusten zuen trenbidearen beste aldeko mutila eta beti gauza bera esaten zion:

— ¡Tú, maketa!

— Mirad, ¡ahí va la maketa!

Kopetan orbana zuen mutila …

Urteak pasa ziren, bizitzak leku ezberdinetara eraman zuen Enedina. Bidean zenbait erantzun aurkitu zituen eta hitz hura ahaztu zuen. Ikasten hasteko lagundu zion hitz hark.

Egun hartara arte…

Barruko zirrara kontrolatuz, kopetan orbana zuen gizon harengana itzuli zen eta lanean zentratu zen.

Elkarrizketa bukatu eta berarekin atera zen irteeraraino. Ate ondoan zegoenean, atarian zeukaten erakusketa seinalatuz, komentatu zion:

— Harrigarria da maketa, ezta?

— Barkatu?

— Gure eraikinaren maketa. Guretzako berezia da, lankide ohi batek oparitu zigun.

Gizonak ez zuen ezer erantzun baina, ia ikusezina egin zuen mugimenduagatik, begirada bereziagatik, Enedina ohartu zen hitz horrek berari ere irekitzen ziola iraganeko leihotxo bat. Gizona ere gogoratzen hasten zela.

Gero, azken agurrean, eskuak elkarri emanez, begirada mantenduta eta bere izena azpimarratuz, kopetan orbana zuen gizonak esan zion:

— Eskerrik asko zure harreragatik, Enedina, bihotz-bihotzez.

Orduan, bere buruan, aspalditik ulertutako aho korapiloa jotzen hasi zen:

BAT, BI ETA HIRU

LAU, BOST ETA SEI.