2021: BEGI ITSUAK (José María Razkin)

Patxi Ormazabal, egunero bezala, goizeko seiretan jeiki zen Pasaiako Victorio Luzuriaga lantokira lanera joateko.

Peoia izanik, beribil marka desberdinetako burdinurtuko motor-blokeak, tresna baten bidez esmerilatzea zen bere eguneroko lana. Benetan oso lan neketsu eta arriskutsua zen: alde batetik, blokeekin erretzeko arriskua, bestetik, lanpostuko tenperatura altua. Baita ere, askatzen ziren kondarrengatik musuko bat eraman beharra, eta guzti hori gutxi balitz, silikosisa izateko arriskua. Lantegiko arduradunei bost axola zitzaien. ”Toxizitate-prima” kaxkar bat eman eta kitto!

Egun lainotsu hartan, ohizkoa zuenez, bakarrik gosaldu zuen. Mirenek nahiago zuen lehenengo otordua seme-alabekin egitea, zortzirak aldera, eskolara joateko jeikitzen zirenean. Hala ere, egun horretan, lehenago jaiki zen eta muxu bat eman ondoren, hala esan zion bere senarrari:

—Patxi, agian orain ez da une egokiena, baina lanetik etorri eta gero, serioski hitz egin beharko dugu gure etxeko ekonomiari buruz. Nik ezin dut gehiago egoera hau jasan!

—Ados nago zurekin, Miren. Gaur arratsaldean lanetik etorri eta gero, hitz egingo dugu. Lasai egon, honetatik ere aterako gara, ziur!

Arratsaldean, haurrak telebista ikusten zeuden bitartean, Mirenek familiaren egoera ekonomiko larriaren berri eman zion Patxiri. Nahiko garbi azaldu zion, aspaldi, behartuta zegoela, ohiko dendetan, zorrak utzita, erosketak egitera. Berak ekartzen zuen soldatarekin ezinezkoa zela familiaren gastuak pairatzea eta derrigorrez irtenbide bat bilatu behar zutela.

—Patxi, zer edo zer egin beharko dugu. Aukera bat izan daiteke, nik beste nonbaiten garbiketa lanak egitea. Beste aukera: zuk beste lanbide bat aurkitzea, duzun soldata eskasa beste batekin osatzeko.

—Nik ere mila buelta eman dizkiot egoera honi eta uste dut irtenbide bat aurkitu dudala. Antxon, nere lagun minarekin, hitz egin dut eta proposamen bat egin dit: berarekin Igeldoko arkaitzetara joatea arrantza egitera. Berak dioenez oso leku aproposa da arrantzan egiteko. Leku arriskutsu samarra da, baina gutxienez, hamar kilo arrokako lupi eta korrokoi arrantzatu daitezke egunero. Salmenta bermatuta dago eta prezio onean, bai Donostiako jatetxe batzuetan, eta bai Iparraldekoetan.

Nik proposatutakoa oso ondo iruditu zitzaion Mireni eta aurrera egitea erabaki genuen ardoz betetako edalontziekin topa egin eta gero.

Arrantzarako kanaberarik ez nuelako Antxonek proposatu zidan, hilberri baten ondoren, gauez, Maria Cristina parkera joatera, pareta bateko zirrikituetatk igaro eta berak ezagutzen zuen banbuz betetako kanaberadi batetan, bost metroko kanabera sendo batzuk hartzea.

Hala egin genuen handik hamar egunetara, eta bere furgoneta aparkatu eta gero, hurbildu ginenean, zeruaren kontra antzematen ziren banbuen silueta bereziak ikusi genituen, baita haiek, bere hostoen bidez egiten zuten xuxurla paregabea ere entzuten genuen, eta halaber, usaitu genuen kanaberadi osoan zabaltzen zen ezetasunaren usain goxoa.

Antxonek ekarritako matxete zorrotz batzuekin hasi ginen, banbuak mozteko asmoz, baina berehala konturatu ginen ezinezkoa izango zela, hain gogorrak ziren eta! Hala beharrez erabaki genuen egokiago izango zela ekarritako zerra batzuk erabiltzea. Ordu erdi luze kosta zitzaigun kanabera bakoitza zerratzea. Izerdi franko botata, azkenean lortu genituen gure gustuko lau banbu kanabera, bakoitza bost metrokoa gutxi gora behera.

Adaxka eta hosto guztiak kendu ondoren, banaka-banaka kargatu genituen Antxonek ekarritako furgoneta zahar hartan. Momentu horretan, lasaitu ederra hartu genuen! Atseden pixka bat, ur txurruta pare bat eta inork ikusi gabe, poliki poliki, abiatu ginen Donostia aldera gure eginkizuna bukatutzat emanda.

Hurrengo egunetan, lanetik irten eta gero, hasi nintzen arroketara joaten nere lagun minarekin. Honek, pazientzia osoz, aste pare batean, benetako arrantzale bihurtzeko ikasi behar diren trikimailu guztiak irakatsi zizkidan.

Emaitzak berehala somatu ziren eta, handik gutxira, hasi nintzen arrai kopuru dexente harrapatzen, ia egunero. Arrats aldera, arrantza bukatu eta ilundu baino lehen Alde Zaharreko jatetxe ezagun batzuetara joaten ginen eta han, jabeengandik, prezioarengatik errieta egin gabe, arraien truke diru mordoxka bat jasotzen genuen. Gero, adostu bezala, erdibitzen genuen lortutako dirutza. Basoerdi pare bat edan eta etxe aldera abiatzen ginen merezitako afaria jatera.

Batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baina, askotan arrantzaren bidez lortzen nuen “soldata”, nere lantokikoa baina handiagoa izaten zen. Guzti honen ondorioz, etxean diru sarrera gehigarri bat hasi zen sartzen eta, zorionez, horrekin gure egoera ekonomikoa asko hobetu zen, Mirenen pozerako.

Hurrengo hilabeteetan honela jarraitu nuen, eguneroko betebeharra bezala. Baina tamalez, zorigaiztoko batzuei gertatzen zaigun bezala, gure une zoriontsuak berehala zapuztu ziren. Sei hilabete pasa eta gero, egun batean arroketan deskuidu bat izan nuen. Arroketatik erori eta ondorioz ospitalera joan, plaka batzuek atera, eta sendagilearen diagnostikoa: eskubiko hankaren peronea hautsita nuen. Hiru hilabeteko baja, igeltsoa eta guzti.

Arrantza utzi behar izan nuen eta baita fabrikan baja hartu ere. Nere diru sarrera murriztu egin zen berriro eta, hori gutxi balitz, sendagileak debekatu egin zidan arroketan ibiltzea.

Egoera horren aurrean, arrantza hain arriskutsua ez den beste leku batean egin behar nuela lan erabaki nuen. Hori zela eta, nere lagun Antxonek Urumea ibaian, Kursaal Zubian, arrantza egitea proposatu zidan. Horretarako, berak hitz egin beharko zuen, han, egunero, egoten ziren arrantzaleekin. Nere egoera penagarria azaldu eta bere lagunei baimena eskatu zien, nik beraiekin ibaiko korrokoiak arrantzatzeko. Eta, nola ez, hori ere lortu zuten.

Nahiz eta korrokoi horien elikadura oso ona ez izan, garai hartan Urumea ibaira egiten ziren isurketak kontuan hartuta, harrera ona izaten zuten Frantziako jatetxe batzuetan eta erraz saltzen ziren, nahiko prezio onean.

Mireni nere erabakia aipatu nionean, galdetu zidan ea ez zitzaizkidan barneak ausikitzen horrela jarduteagatik korrokoiak zer jaten zuten jakinda. Neri, egia esanda, ez zitzaidan hau besterik esatea bururatu: Begi itsuak…!