Amaren sabelean bizi nintzenean, batzuetan aitaren pisua sentitzen nuen gainean. Nire bizileku urtsuan kikilduta, amaren bihotzetik hurbil, haren bizinahi mingarrien erasoak jasaten nituen. Gero ama, bere pentsamendu erratikoei atxikita, urruti joaten zen, eta loak hartzen ninduen, nire ametsen dorrea eraikitzeko.
Goizeko argi zuria eta itzal mugikorrak gogoratzen ditut. Erreka estali haren ubide ezezaguna gurutzatu ondoren izan zen, non nire izua eta desioa borroka basatiaz lehiatu ziren. Itzalak usain ziren. Nire existentziaren bizileku hauskor eta malguan sartzen ziren argiak eta hozberoak. Amaren ahotsa ezagutu nuen, baita ezagunak egiten zitzaizkidan beste batzuk ere, baina beste guztia arrotza zen hemen, kampoan. Amaren bihotza urrun entzuten nuen eta inguruko burrunbari beldur nion.
Jaio nintzeneko negu hartan, berrogei egunetik gora egin zuen elurra, gelditu gabe. Egunak zuriak ziren eta gauak, isla aratzak bainatuta, zurbil bilakatzen ziren. Basoko zuhaitzek, adarren azal ilunaren gainean, argizko mantu bati eusten zioten. Erraldoi galduek bezala, beren itzal mingarriak proiektatzen zituzten eta lur itxiak patxadaz babesten zituen sustrai lokartuak.
Neuk ere lo egiten nuen, basoko sustraiak bezala, bizitzaren zain.