2026: KALE-KANTOIAN (Mikel Arrizabalaga)

Eguna argitu orduko, nagiak astindu, gosaldu eta kalera atera naiz. Etxeko ataria gibelean laga, eta, espaloi bustian zehar, beharrera abiatu naiz. Neguaren grisak bazter guztiak blaitzen ditu, eta, lehen euri tanta lotsatien murmurioak entzutean, ibilera arindu behar izan dut. Eguraldia hozmindu da eta gertu dudan bulegoaren epela bilatu dut. Atarira gerturatzean, kale-kantoian jesarrita dagoen pertsona baten irudia ikusi dut. Kartoizko kaxa baten zatien gainean, burumakur, besoa luze eta eskutan plastikozko edalontzi bat. Aldamenean duen motxila zikin batean gordeta ditu bere ondasun guztiak. Bere aurrean pausatu naiz, baina ez du imintzio txikirik ere egin. Diosala egin, baina ez dut erantzunik jaso. Bizitzaren gurpil zorotik at bizitzeak bizitzeko gogoa lausotu ote dio? Gizarte eredu hau irauli nahiak bere ametsak hautsi ote ditu? Istant batean metatu zaizkidan galderek ez dute erantzunik, egunaren grisak itzali egiten baititu. Supituki, nahi eta ezinaren dantza zoroan murgildu naiz noraezean. Txanpon baten truke nire kontzientzia lasaitu nahi izan dut, baina ez zaizkit urak baretu. Beharrera noa, kaloi kantoian beharrean dagoenari bizkarra emanda. Porrot baten kronika hutsala.