2013: SUTONDOTIK WAKA-WAKARA (Pilar Esnal)

 

Berdin zitzaion zer nolako eguraldia egiten zuen; bere eguneroko eginkizuna hau zen: goiz jaiki, praka urdin ilunak, alkandora zuria, botak eta txapela jantzi, txamarra eta ogitarteko bat hartu eta mendira joan. Mendian gora goizean, mendian behera arratsaldean ibiltzeko ohitura zuen. Ariketa fisikoa egitea eta naturak ematen dituen usain, kolore, doinu eta gauza naturalak gustatzen zitzaizkion. Gizon arrunta zen baina esperientzia handikoa.

Negu gorria zenez, mendiak zuritzen hasiak ziren. Neguko egun hotz eta motz haiek ez zituen gustukoak. Halako egun batean, etxe barruan kanpoan baino hobeto egongo zela pentsatu ondoren etxera sartu zen eta, sua astindu, liburu bat esku artean hartu, egurrezko aulki zabal batean eseri, eta horrela, sutondoan goxo-goxo, artikulu luze eta sakon bat irakurtzeari ekin zion, afariaren zain zegoen bitartean. Nahiko lan egindako gizona baitzen Roke.

Bere alabarekin bizi zen eta bilobari bere garaiko bizipenak kontatzeko aukera ematen ziolako, horrelako egoerak atsegin zitzaizkion. Oso gustukoa zuen berak bizi izan zituen gorabeherak alde batetik eta bere arbasoek kontatzen zituzten hainbat ezaguerak bestetik, bere bilobari azaltzea. Berak horrela ikasi baitzituen hainbat gauza. Ez zen eskolara asko joana, baina jakintsuena balitz bezala ikusten zuen bere burua. Gauza asko zituen bilobari kontatzeko eta irakasteko. Bai alajaina!

- Antton -oihukatu zuen amak afaria prest zeukanean- afaltzeko ordua da!

- Oraintxe noa ama. Itxaron pixka bat, gutxi falta zait egiten nagoena bukatzeko! - entzun zen u-

rrutitik.

- Afaria hoztuko zaizu. Jaitsi zaitez berehala; afaria mahai gainean dago!

- Banoalaaaaa...! Ez izan astuna. Entzun dut!

Bat-batean, “flish-flash”, tximistaren argiak sukaldea argitu zuen eta jarraian “krack-krash-bruuuuum”! trumoiaren soinua entzun zen. Etxea dardarka zegoela zirudien eta... a ze beldurra argia joan zenean. Bat-batean dena iluna gelditu zen.

Jarraian, Anttonen garrasiak entzun ziren:

- Joe, joe, joe...! Sarea erori da! Sarea erori da!

- Nola eroriko zaizu sarea arrantzan ez bazaude, oihu egin zion aitonak.

- Sarerik gabe andereñoak jarritako etxerako lanak ezin izango ditut bukatu!

- Ez dut tutik ulertzen -zioen aitonak-, etor zaitez sukaldera eta hitz egingo dugu.

Han azaldu zen Antton, oso haserre eta burumakur.

- Alde batera utzi txorakeriak eta goazen afaltzera! -zioen amak- eta hirurak, isil-isilik, baratxuri-zopa bero-beroa jaten hasi ziren, mahai gainean jarritako kandela batek ematen zuen argiarekin. Beldurrez zeuden, ekaitzak beste horrenbeste ekarriko zuen edo ez itxoiten.

Amak ez zuen istilurik nahi, aitona galderak egiteko irrikitan zegoen eta Antton, oso haserre, afaltzeko gogorik gabe, burumakur.

Halako batean, ingurumenaz jabetuta, aitona hizketan hastera ausartu zen:

- Zer egiten ari zinen hainbeste zalaparta ateratzeko! -Galdetu zion bilobari.

- Etxerako lanak interneten, Dropbox bitartez –erantzun zion gogo handirik gabe.

- Interneten? Dropbox? Zein dira horiek? Zu bakarrik zeundela uste nuen. Ez dut inor ikusi edo

sumatu.

- Aitona, zuk ez dakizu ezer eta utzi nazazu bakean. Internet lagun birtual bat da eta Dropbox

gure memoria birtuala gordetzen duen lekua, hau da, laino bat.

- Baina umea, zer diozu? Memoria birtuala? Lagun Ikustezina? Sarea? Lainoa? Benetan harrigarria da zure hitz egiteko era. Ume hau lurretik kanpoko eskola batera al doa? Joxepa, ume

hau txoratu egin zaigu; burua gaixotu egin zaio, medikuarengana eraman beharko zenuke. Txorakeriak besterik ez ditu esaten...

- Ez aita –zioen Joxepak patxada handiz-. Internet, jakinduriaren iturri bat da berarentzat eta beste hori... nik ere ez dakit zertan datzan.

- Ez hasi zu ere txorakeriak esaten. Ondo dakizu jakinduriaren iturria sutondoan kontatzen diren gauzetan oinarritzen dela. Guk horrela ikasi genituen gauzak gure arbasoengandik. Ea Antton, lasaitu zaitez eta esan aitonari zer jakin nahi duzun. Zeri buruz ari zinen lanean? Nik lagunduko dizut arazoa konpontzen.

Mutil ona ta argia zenez, Anttonek ez zuen nahi aitona kezkatu eta pazientzia handiz hasi zen:

- Atez-A eta AHTari buruz lan bat egin behar dut biharko. Taldeko lan bat da eta nik ematen dudan informazioa beste lagunekin partekatu behar dut, gero denon artean lan txukun bat anderenoari aurkezteko.

- Zer? Ze hizkuntzetan ari zara berriro? Atez-A, AHT... nahikoa da Antton! Horrela jarraituz gero Santa Agedara eraman beharko nauzue!

- Euskaraz ari naiz aitona baina gertatzen dena da zuk gai hauetaz ez dakizula ezer. Atez-A esaten denean zero zaborrari buruz ari gara. Hondakin organikoak jasotzeko era bati buruz. Zaborrak kudeatzeko gero eta aukera gehiago daude. Zaborren inguruko ohiturak aldatzen doaz, batez ere, hondakin kopuru handiagoa birziklatzeko helburuarekin. Ahalik eta gehien birziklatzearen alde jo behar dugu eta horretarako murrizketa, berrerabilpena, birziklapena, konpostatzea etabar kontuan hartu behar ditugu.

- zer nolako sermoia bota didazun!. Zuk ulertzen al duzu esaten ari zaren hori?

- Ixo! Ez dut bukatu. AHTa esaten dugunean... Abiadura Handiko Trenaren eztabaidari buruz ari gara. Gai honetaz iritzi ezberdinak daude eta andereñoak trenaren historia irakurtzeko eskatu digu eta gero, hausnarketa eta kritika bat egin ondoren, testu bat idatzi behar dugu gure iritzia emanez.

- Ondo da –moztu zion aitonak-. Gai hauei buruz jakin beharreko gauza guztiak etxe honetan beti egin diren bezala jakingo dituzu. Entzun adi!

- Ez dut umorea ezer entzuteko. Ez naiz gauza ezer pentsatzeko, beraz, utzi nazazu bake santuan!

Sukaldean, honantz eta harantz paseatzen hasi zen Roke: txapelari buelta emanez, sudurra ukituz, kokotxa laztanduz eta pentsakor. Bat-batean, sua bizirik mantentzeko egurrak sartu, sutondoan eseri eta beste biei bere ondoan esertzeko agindu zien. Han zeuden berriro hirurak: aitona harro, Joxepa zer gertatuko ote zen beldur eta Antton aurpegi luzearekin eta bere aitonak esango zizkion gauzez sinesgogor.

- Zero zaborrarena ez da berria, gure baserrian ere egiten zen: bazkaldu ondoren, janari hondakin guztiak jasotzen ziren eta su-ekonomika gainean zegoen balde handi batean sartzen ziren, pentsu pixka batekin nahastu eta gero bai txerriei, bai olloei ematen zitzaien eguneroko janari bezala; horrela ez zen zaborra sortzen eta horri esker urdaiazpiko eta arrautza ederrak jaten genituen. Nire itxurak ez al du hori adierazten?

- Eta AHTa. A ze disparatea! Zertarako behar dugu hainbeste abiadura? Lehendabiziko trena hemendik pasa zenean, mendira alde egin zuen jende guztiak, abiadura hura deabruaren majia txarren baten eragina zelakoan. Eta ez hori bakarrik, ke beltz-beltza botatzen zuelako giro guztia zikinduz. Gainera…

- Aitona, ez jarraitu, mesedez! Asko estimatzen dut zure borondate ona baina zure azalpen horiek ezin ditut klasean azaldu. Eta algaraka hasi zen lehertu beharrean barrezka.

- Zergatik ez?

- Aspaldiko kontuak direlako eta hori azaltzen badut nitaz barre egingo dutelako. Badakit zuk asko maite nauzula eta seguru nago horrelakorik niri gertatzea ez duzula nahi.

Zeharo triste eta burumakur geratu zen aitona; ez zuen espero horrelakorik eta, ezin izan zuen jasan bere biloba maitiak ez baloratzea berak esandakoak. Mundua bitan banatzen zela iruditu zitzaion: bere jakinduria alde batean eta bestean, berriz, bere biloba.

Denboratxo bat behar izan zuen egoera hari buelta emateko. Bat-batean, zerbait bururatu zitzaion. Ze arraio! Erabaki bat hartu zuen eta hori betetzen saiatuko zela jo ta ke, esan zion bere buruari.

Ohera joan eta betiko errito guztiak eginda gero laster loak hartu zuen; urduritasuna eta emozioen menpean, sarearekin, ordenagailuarekin, trenarekin… ametsetan hasi zen: nahaste-borraste bat zeukan buruan eta, orain makinista bezala jokatzen zuen, gero arrantzale erara eta buru osoa kablez josita irudikatzen zuen. Halako batean, zeharo ikaratuta esnatu zen. Goizeko hirurak ziren eta tripak kili-kili egiten zebilzkion; kirioak dantzan zeuzkan baina, barru-barruan, poza sentitzen zuen hartutako erabakiarekin.

Erabat kezkatuta zebilen Joxepa bere aita etxetik atera eta egun osoan azaltzen ez zela ikusten zuelako. Susmo txarrak ere hartu zituen, zer egiten zuen egun osoa etxetik kanpo galdetzen zioenean, ez ziolako ezer erantzuten.

Baina, gero eta gehiago nabaritzen zitzaion pozik zebilela. Zer demontre ari zen gertatzen?

Egun batean, gutxi gorabehera hilabete bat pasa zenean, poliki-poliki bere gelatik atera eta Anttonen gelara sartzen harrapatu zuen; isil-isilik bere atzetik joan eta ordenagailuaren bila zebilela, lapur bat bezala, konturatu zen. Egia esan, ez zion garrantzi handidirk eman eta bere lanetan murgilduta jarraitu zuen eguna.

Antton etxera iritsi orduko, merienda hartu eta bere gelara abiatu zen egunero egiten zuen bezala; gauzak motxilatik atera, ordenagailua piztu eta… hor ikusten du bere pantailan argazki berri bat: herri baten etxeetako balkoietatik, poltsa urdin eta beltz batzuek zintzilik zeuden eta pankarta handi batzuk ere Atez Ate aurka zeudela adieraziz.

- WHOAAA! Ama, zer da hau? Nor ibili da nire ordenagailuan? - Oihukatzen zuen oso haserre Anttonek.

- Ez zion inork erantzun. Aitona sutondoan zegoen ezer gertatu ez balitz bezala baina konplizitate begirada eta irribarrea bere alabari luzatuz. Antton, berehala sukaldean azaldu zen egoera penagarri, tamalgarri eta desesperagarri batean zegoela adieraziz. Zuzenenan aitonarengana abiatu zen esanez:

- Zu izan al zara?

- Egia esango dizut: min handia egin zenidan zuretzat nire ezaguerak ez zutela ezer balio konturatuarazi zenidanean. Mundua gainera etorri zitzaidan. Ordutik, ezin nuelako zu galtzea jasan, Interneteko ikastaroa bat egiten aritu naiz. Eta, horrez gain, beste kontu bat ere aitortu behar dizut: gaurkotua egoteko gai naizela jabetzea, asko gustatu zaidala. Gainera, biok dauzkagula hainbat gauza batak besteari erakusteko konturatu naiz eta aukera berri bat daukagula jakinduria partekatzeko.

- Oso ondo aitona! Ikusten dut zure neuronak oso bizkor dabiltzala oraindik; ondo konektatuak mantentzen dituzula!

- Neuro…zer? E txikito, ni ez nago burutik jota... oraindik! Baina horrela jarraituz gero, batek daki! Kontua da ni ez naizela hain erraz errendituko eta edozer gauza egiteko prest nagoela zurekin harreman onak edukitzeko! Eta, gainera, ahaztu behar ez duzun aholku bat eman nahi nizuke: Hilezkortasuna lortzeko era, jakinduria partekatzea dela.

- Jolin aitona, benetan asko ikasi duzu; filosofo ere bihurtu zara eta!

- Bai motel, agian, gauza gehiegi ikasi ditut denbora laburrean eta hain moderno bihurtu naizenez..., hau ospatzeko, zergatik ez dugu, biok, Shakiraren waka-waka dantzatzen erosi ditudan bi kamiseta hauekin?

Bitartean Joxepa, ikusten zuena sinetsi ezinik, pozik eta barrezka lehertzen zegoen.

PILAR ESNAL