2024: IKUSTEN EZ DUTEN BEGIEK (José María Razkin)

Martin Eguren, egunero bezala, goizeko seiretan jeiki eta lanera abiatzen zen Pasaiako autobusa hartuz.

Tresna baten bidez, bere lana marka desberdinetako motor-blokeak esmerilatzea zen:

oso lan neketsu eta arriskutsua. Alde batetik, lanpostu inguruko temperatura altua,

blokeekin erretzeko arriskua; bestetik, gainera, askatzen ziren kondarrengatik musuko

bat eman beharra. Eta guzti hori gutxi balitz, silikosisa izateko arriskua denboraren

poderioz. Egiazen dena lantegiko arduradunei bost axola zitzaiela. Toxizitate-prima

kaxkar bat eman etakitto!

Egun lainotsu eta triste hartan, ohizko zuenez, bakarrik gosaldu zuen. Mirenek nahiago

zuen lehenengo otordua bere seme-alabekin egin, zortziak aldera, eskolara joan baino

lehen. Hala ere, egun hortan, lehenago jaiki zen eta senarrari muxu bat eman ondoren

hala esan zion:

—Martin, agian orain ez da une egokiena, baina lanetik etortzen zeranean serioski hitz

egin beharko dugu gure etxeko egoera ekonomikoari buruz. Nik ezin dut gehiago jasan

egoera hau!

—Ados nago zurekin, Miren, gaur arratsaldean lanetik etorri bezain pronto hitz egingo

dugu. Lasai egon, egoera hontatik ere aterako gara. Ez izan dudarik!

Arratsaldean, seme-alabek telebista ikusten ari ziren bitartean, Mirenek familiaren egoera

ekonomiko larrriaren berri eman zion Martini. Nahiko garbi azaldu zion, aspalditik,

behartuta zegoela ohizko dendetan, zorrak utzita, erosketak egitea. Berak ekartzen zuen

soldatarekin ezinezkoa zela familiaren gastuak jasatea eta, derrigorrez, irtenbide baten

beharrrean zeudela.

—Martin, zer edo zer egin beharko dugu. Aukeran daukagu, nik beste norbaiten etxean

garbiketa lanak egitea ala zuk beste lanbide bat aurkitzea, duzun soldata eskasa beste

batekin osatuz.

—Nik ere mila buelta eman dizkiot gure egoerari eta uste dut irteera bat aurkitu dudala.

Ramon, nere lagun minarekin hitz egin dut eta proposamen bat egin dit: Igeldoko

arkaitzetara berarekin joatea arrantza egitera. Berak dioenez oso leku aproposa da

arrantzan ibiltzeko. Leku arriskutsu xamarra, baina, gutxienez hamar kilo arrokako lupi etakorrokoi harrapatu daitezke egunero.

»Arrain horien salmenta bermatuta dago eta, gainera, prezio onean, bai Donostiako

jatetxe batzuetan, bai Iparraldekoetan ere.

Bere proposamena oso ondo iruditu zitzaion Mireni eta aurrera joatea erabaki zuten ardo

edalontziekin topa egin eta gero.

Arrantzarako kanaberarik ez zuelako Ramonek proposatu zion, hilberri baten ondoren,

gauez, Maria Kristina parkera joatea, tapia bateko zirrikituetatik igaro eta berak ezagutzen

zuen banbuz betetako kanaberaditik bost metroko kanabera sendo batzuk hartzea.

Hala egin zuten handik hamar egunetara, eta bere furgoneta paretaren ondoan aparkatu

eta gero, zeruaren kontra antzematen ziren banbuen silueta bereziak ikusi zituzten, baita

ere entzun haiek, bere ostoen bidez, egiten zuten xuxurla paregabea eta halaber, usaitu

zuten kanaberadi osoan zabaltzen zen ezetasunaren usai gozoa.

Ramonek ekarritako matxete zorrotz batzuekin hasi ziren banbuak mozten, baina berehala konturatu ziren ezinezkoa zela, hain gogorrak ziren! Halabeharrez erabaki zuten egokiagoizango zela Martinek eramandako zerra batzuk erabiltzea. Ordu erdi luze kostatu zitzaien kanabera bakoitza zerratzea. Izerdi franko aterata, azkenean lortu zuten beraien gustoko lau banbu kanabera, bost metrokoak gutxi gora behera.

Adaxka eta hosto guztiak kendu eta, banan-banan, kargatu zituzten, Ramonek ekarritako

furgoneta zahar hartan. Han ikusita lasaitu ederra hartu zuten. Atseden pixka bat eta ur

txurruta pare bat hartu eta, inork ikusi gabe, poliki poliki abiatu ziren Donostia aldera bere

eginkizuna bukatutzat emanda.

Hurrengo egunetan, lanetik irten eta arroketara hasi zen joaten bere lagun minarekin.

Honek, pazientzia osoz, benetako arrantzale bat bihurtzeko, ikasi behar ziren trikimalu

guztiak, irakatsi zizkion hilabete batean.

Honen emaitzak berehala sumatu ziren eta, handik gutxira, hasi zen arrain kopuru dexente harrapatzen ia egunero. Arrats aldera, eta ilundu baino lehen, Alde Zaharreko jatetxe ezagun batzuetara hurbildu eta han, jabeengandik, prezioa diskutitu gabe, jasotzen zuten diru mordoxka arraien truke. Ondoren, adostatu bezala, lortutako dirutza erdibitu, basoerdi pare bat edan eta etxe aldera merezitako afaria hartzera.

Batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baino askotan lortzen zuen soldata bere

lantokikoa baino handiagoa izatea. Guzti honen ondorioz, diru sarrera gehigarri bat hasi

zen sartzen etxean; zorionez, horrekin bere egoera ekonomikoa hobetzen, Mirenen pozez.

Hurrengo hilabatetan horrela jarraitu zuen, eguneroko betebeharra bezala, baina tamalez, zorigaiztoko batzuei gertatzen zaien bezala, une zoriontsuak berehala zapuztu ziren.

Sei hilabete pasa eta gero, arroketan deskuidu bat izan zuen Martinek. Arroketatik erori,

ospitalera joan, plaka batzuk atera eta sendagilearen diagnostikoa jaso: eskubiko

hankaren peronea puskatuta zuen: igeltsatu eta hiru hilabeteko baja.

Arrantza utzi behar izan zuen eta bide batez fabrikan baja hartu. Martinen diru sarrera

murriztu egin zen berriro eta, hori gutxi balitz, sendagileak debekatu egin zion arroketan

ibiltzea. Egoera horren aurrean, arrantza, ez hain arriskutsua den beste leku batean egin

behar zuela erabaki zuen.

Hori zela eta, Ramonek proposatu zion Urumea ibaian, Kursaal Zubian, arrantza egitea.

Hortarako, berak hitz egin beharko zuen han, egunero, egoten diren arrantzaleekin: bere

egoera penagarria azaldu eta lagunei baimena eskatu Martinek beraiekin ibaiko korrokoiak arrantzatzeko. Nola ez, hori ere lortu zuen.

Nahiz eta korrokoi horien elikadura oso ona ez izan —garai hartan, Urumea ibaira egiten

ziren isurketak kontuan hartuta—, harrera ona izaten zuten Frantziako jatetxe batzuetan

erraz saltzen ziren eta nahiko prezio onean.

Martinek komentatu zionean bere erabakia, Mirenek bakarrik galdetu zion ea ez

zitzaizkion barneak hausten horrela jarduntzeagatik, ezagututa korrokoiak zer jaten zuten.

Martini, egia esateko, ez zitzaion hau besterik esatea okurritu:

—Ikusten ez duten begiek…!