![]() |
Katagorri hura, itxuraz, ez zen Aieteko parkean intxaurrak jatetik ezagutzen nituenetatik bereizten, baina hau nire aurrean jarri zen, estatua bat bezala, geldi. Haren begiradari, ia gizaki batena, erreparatu nionean, sumatu nuen berari jarraitzeko gonbitea egiten ari zitzaidala. Uda epeleko arratsalde hartan, parkean giro bitxi eta etereo bat sumatzen nuen, maitagarri-ipuinena, aintzira lurruntsuetan dantzan ari ziren ninfena alegia. Ez zuen euririk egiten, baina lur bustiaren usain sarkorra nabaritzen nuen, ondoko itsasoko gatz-lurrinarekin nahasturik.
Urtxintxa, parkean beherago zegoen haitzulora joan zen. Atzetik joan nintzaion eta ezkutuko zulo batetik sartzen ikusi nuen. Haren atzetik sartu nintzen, korridore luzea zirudien tokian, barrenean argi motel bat zuela. Heldu nintzenean, argimutilez eta kandelez argitutako egongela handi bat ikusi nuen, non XIX. mende bukaerako jantziz apaindutako dama batzuk eserita zeuden.
Aulkietako batean eseri nintzen lotsati eta txokolate katilukada bat hartu nuen. Haren zaporea garai batekoa iruditu zitzaidan, baina oso gozo zegoen. Dama haiek, jaramon handirik egin gabe, Maria Cristinaren semearen, Afonsoren, bihurrikeriei buruzko elkarrizketa biziarekin jarraitu zuten. Alfonso 3 urtekoa zen, eta korridoreetan barrena ibiltzen zen, neskameen ipurdia ukituz.
Bat-batean tronpeta zaratatsu batzuen hotsa entzun zen eta militarrez jantzita, gizon txiki eta bibotedun bat agertu zen saloi hartan
—Nire txanda iritsi da txokolatea eta txurroak jateko, esan zuen oihuka eta azpikeriak egiten
—Trankil Paquito!, oraindik ez duk hire ordua, adierazi zuen Bailengo dukesak. Oraindik 1889an gaude eta Plus Ultra operazioko haurrak ez dira tarte batera arte etorriko, 1964an hain zuzen.
Gizonak ez ulertuaren plantak egin zituen eta begiak niregana zuzendu zituen.
—Eta nor da ergel hau?
—Jauna, utzidazu aurkezten, esan nion, auzoko jubilatu xume bat naiz eta meriendatzera gonbidatu nau andre honek.
—Hau atrebentzia! Hau lotsagabekeria! Berehala fusilatu dezatela!
Dena ametsa izan zela pentsatu nuen eta tabernara joan nintzen eguneroko mus partida jokatzera. Nire bikotekideak esan zidan:
—Non ibili zara? Ezpainak txokolatez zikinduta dauzkazula!
Javier García Vázquez
