Gurasoentzat laugarrena izan arren lehenengoa naiz, aurrekoak mutilak direlako. Hasieratik anaiekin jolasten nuen, batez ere autoekin, kamioiekin, garabiekin eta tamaina eta eskala desberdinetako trenekin. Nireak izan nituen jostailuak, panpinak eta panpinatxoak izan ziren eta tamainaren arabera autoko txoferra, garabiko makinista, kamioi gidaria, mekanikaria, treneko ikuskatzailea edo dena delakoa izan zitezkeen. Gutako edozeinen urtebetetzeak edo eta errege egunak funtsezkoak ziren gure ibilgailu-parke hartarako, batik bat ibilgailu berri bat edo gaitasun handiko langile berri bat zekartelako.
Nire seigarren
urtebetetzean izan zen izeba Marivik kamioirik handiena gidatzeko adinako
panpina oparitu zidan eguna. Lasaitu ederra jaso genuen guztiok, izan ere,
garabi ertaineko panpina lan-bikoitzetik askatu ahal izan genuen eta.
Nire zeregina,
jolastea baino gehiago, sukalderainoko pasabide osoan sakabanatutako parke
mugikorra antolatzea zen, garraiatzen genituen produktu eta pertsona gehienen
helmuga bihurtu baikenuen sukaldea. Izugarri dibertitzen nintzen. Itzelak ginen
jolasean. Tamainaren eta tipologiaren arabera ordenatzen nituen, ez kolorearen
arabera, “ibilgailu bakoitzerako espazio bat eta espazio bat ibilgailu
bakoitzarentzat”, guztia milimetrotan neurtua. Handiak beti atzealdean eta
txikien lekua aurrekoa izanda, ertainentzat erdigunea geratzen zen. Ez zuten
elkar ukitzen, hori debekatuta nuen eta, aldi berean espazioaren
aprobetxamendua ezin hobea lortzen nuen: gutxieneko tartea bai! Ukitzerik ez!
Hori zen nire maxima.
Aipatu beharra dut
nire eskolatze-urte haietan jasotako txostenek, beti gehieneko balorazioarekin
adierazita, nire hiru ezaugarriak ongi azaltzen zituztela, alegia: zenbakizko
kontrola, kalkulua eta bat-bateko espazio-ikuspegia. Urtero txostena sinatu aurretik
buruarekin baieztatzen zuten gurasoek.
Ezagutzen nautenek
diote etxeko joko haiek eta nire hiru ezaugarri haiek markatu egin nindutela,
izaera eman zidatela, baina niretzat ez da horrela izan. Nirea bokazioa baita,
argi eta garbi. Hogei urte nituenetik, gaur egun berrogeita bat urte ditudala,
automobilaren logistikaren parte naiz, hau da, fabrikatzailearengandik zuzenean
Pasaiako portura, Lezo ingurura, iristen diren autoak gidatu eta aparkatu
egiten ditut. Nik autoak edo furgonetak edo
kamioien
trakzio-kabinak trenetik arrapala batetik jaitsi, eta dartsenan aparkatzen
ditut, ro-ro izeneko merkataritza-ontzien zain, zeinak, autobideak
balira bezala, Europako lekuren batera eramaten baitituzte. Portuan lur azalean
eta arrapala bat erabilita hiru pisu dituen silo batean aparkatzen ditut
autoak. Ontzia iristen denean, nik ere ibilgailuak barkuaren sotoetara eramaten
ditut, tamainaren arabera ordenatzen ditut, koloreak ez baitu garrantzirik.
Esan behar dut
nahiko erraza dela; trenetan fabrikatzaileen markak ez dituzte nahasten.
Funtsean, General Motors, Daimler-Mercedes, Volkswagen, Ford, Honda, Volvo,
Iveco, Toyota, eta Opel. Garraioak ez dira multimarkak, nahiz eta batzuetan
multimodeloak izan. Azken kasu horretan, kalibraketarako kalkulu txiki bat egin
behar dut, beti mentala, ukitu gabeko espazio fisiko minimoan eta denbora
laburrenean aparkatu ahal izateko. Esate baterako, Toyota Yaris 3,940
zentimetro luze eta 1,745 zentimetro zabal da; Toyota Highlanderrek, berriz,
4,950 eta 1,930 zentimetro ditu, ondo bereizitako neurriak. Aditua naiz
mugatuak diren aldagaiak konbinatzen, alegia, espazioa eta denbora. Nire
marruskadura ratioa ia minimoa da eta tximista bezain azkarra naiz, izpia
bezalakoa.
Lankideek diotenez
onena eta eraginkorrena naiz, eta horregatik deitzen didate premiazko lanak
dauden asteburuetan edo gauetan. Badakite gozatzen dudala. Ezin dute jakin,
isilean daukat, nire ordu libreetan eguraldiaren eta itsasoaren mapak aztertzen
ditudala. Nire lanbiderako funtsezkoa dela uste dut, haizeek eta itsasoaren
indarrak itsasontziak alde guztietarako mugimendu handia izatea eragin
baitezakete, eta ibilgailuen suspentsioak kulunkarazi egingo baitituzte,
marruskadura-arriskuarekin. Arriskua dagoenean, behar besteko tartea mantendu,
kolpeak moteldu eta kalteak saihesteko falkak eta zakutxoak posiziorik
egokienean jarri behar dira eta. Nire zerbitzu-orrian, urte guztietan izandako
kalte kopurua hiru baino ez dira izan. Horregatik naiz onenetakoa.
Laneko ekinak ez
naute mugatzen nire burutazioetan. Dakit portuak, hiru solairuko siloa barne,
ongi ordenatutako 15.000 autoentzat espazioa duela. Eta autoak ordez
abelgorriak balira? Pentsamendu honekin hasi eta etenik gabe ondoren azalduko
dudan istorioak sortzen ditut: auto-fokuak behien begiak direla; aurreko beira,
kopeta zabala dela; ispiluak, belarriak direla; horrela autoaren atal guziak
abelgorri atal bihurtuta ditut. Portuan egon ordez makrogranja batean nagoela
hasten naiz irudikatzen, nire eginkizuna 15.000 behi beren asketara gidatzea
dela, akuilua eskuan, unai gidaria bainintzan. Gainontzeko lanak mekanikoek
egingo lituzkete,
honela, zaintza eta
horniketa lana haien esku utzita, jatorriz mekaniko direnak abelzain bihurtzen
dira nire burutazio honetan.
Irudimeneko
egoeran, egiazko lanean bezala, sailkapena nire funtzioen muina da eta honela:
arrak, emeak, sementalak, txahalak, autoen markekin alderatzen ditut eta aldiz
arrazak: betizuak, piriniarrak, tudankak, limousinak, belmont-redak,
landetakoak, eta abar, marken modeloekin. Sailkapena beharrezkoa da portuan
dugun espazioan orden geometrikoa mantentzeko. Animali bakoitza bere neurriko
askan kokatzea da nire lana. Sortzen zaidan kezka da siloaren arrapalatik gora,
arriskuak minimizatuz, nola bideratu behar ditudan abel-unitateak. Eta behiak
izan ordez ardiak balira? Zakur-laguntzailearekin egin behar izango nuke lan?
Ez dut erantzunik.
Nire
lasaitasunerako nire gaurko lana oso bestelakoa da eta kontrolpean dut.
Ustekabean hartu
naute. Aurten enpresako langilerik onena izendatu naute eta enpresako
zuzendariei eta lankide guztiei eskerrak eman nahi dizkiet jaso dudan sari
bikoitzagatik: bat, Europako porturik handienaren, Rotterdamen, puzzle bikaina
da. Irudi osoa osatzeko niretzat errazak diren tamaina bereko diren eta
antzekotasun handiko bost mila pieza ditu. Dena den, zailtasun bat du niretzat,
puzzlearen zatikiak koloreen arabera sailkatu behar omen ditut eta. Lankideek,
nire kezka hori aukera bihurtu behar dudala esatearekin, lasaitu ederra eman
didate. Bikaina aholkua! Izugarriak dira!
Bigarren saria
Tetrix jokoaren azken bertsio elektroniko tridimentsionala da. Itzela benetan!
Zoriontsu egin
naute. Bete betean asmatu dute.
Ez dakit nola
eskertu.