2022: FURGONETA (MªJesús Lería)

Goizean goiz, Martinek tamaina desberdinetako ogiekin saskiak kargatzen ditu furgonetan. Herri bakoitzean sartzen denean, behin eta berriz, klaxona jotzen du eta auzokoak ogia erostekotan azaltzen dira.

Normalean eguerdirako amaitzen du, baina, udaran, kanpotar asko egoten dira eta arratsaldean beste banaketa bat egin behar izaten du. Orduan lekua du furgonetan eta inguruko haurrak eramaten ditu berarekin. Seiak saskien artean sartzen dira eta dibertsioari ekiten diote.

Martinek balaztadak ematen ditu eta bolantea mugitzen du bidaiaren ezegonkortasuna eraginez. Helburua ez erortzea da. Bidaia hori, behin eta berriz, errepikatzen da eta, hala, konturatu gabe, jokoak oreka mantentzen erakusten die bat-bateko eta ustekabeko mugimenduetan. Gero hainbat kiroletako entrenamenduak hasten direnean, haiek mugimenduak kontrolatzen dituzte, erorketak eta lesioak saihesteko.

Urte asko igaro dira bidaia haietatik, baina ez dituzte ahaztu. Duela gutxi, haur haietako batek, orain erretiratua, esan zidan autobusean doanean zutik egiten duela bidaia; barrari-helduta itxurak egiten dituela, eta bihurguneetan eta balaztadetan ez erortzen saiatzen dela, haurra zenean furgonetan bezala.